Edward Young (Upham, 1683ko uztailaren 3a - Hertfordshire, 1765eko apirilaren 5a) idazle eta literatura-kritikari ingelesa izan zen. Oxforden egin zituen ikasketak. 1713an, lehen olerkia ''(The Last Day)'' argitaratu ondoren, Whartongo dukearen babespean jardun zuen. 1727an, apaiz ordenatu zuten, gotzain izateko asmoa baitzuen, baina ez zuen lortu, eta 1731an ezkondu egin zen. Haren lan nagusia ''The Complaint: or, Night Thoughts'' (1742-1745, ''Deitoreak: edo gaueko gogoetak'') izan zen. Bederatzi parte edo ''gau'' bereizten dira olerkian, guztira 10.000 bertso inguru; bakarrizketa dramatikoa da, idazlearen emaztearen eta alabaren heriotzaren kariaz idatzia. Malenkoniaz eta tristuraz beteriko estiloa erabili zuen, geroago idazle erromantikoek oinarri izan zutena. Youngen beste lan aipagarri batzuk: ''Busiris, The Revenge, Conjectures on Original Composition.''
Wikipediatik informazioa lortu