Bilaketaren emaitzak - Sereni, Vittorio
Vittorio Sereni
Vittorio Sereni (Luino, 1913ko uztailaren 27a - 1983ko otsailaren 10a) italiar idazlea izan zen.Haurtzaroa Brescian igaro zuen, eta ondoren Milanera joan zen, literatura ikastera. Lehenengo poema-bilduma 1941ean idatzi zuen, ''Frontiera''. Lan horretan Lonbardiako aintzirak eta paisaiak erakusten zituen, batez ere; inguru horrek, non faxismoaren zapalkuntza eta Europaren demokraziaren eskaera aurrez aurre jartzen ziren, idazlearen bakardade erabatekoaren eta gizakiekin bat egiteko nahiaren arteko tentsioa irudikatzen du. 1942an Greziako frontera joan zen. Sizilian aliatuek preso hartu, eta Aljeriako eta Marokoko frantses esparruetara bidali zuten. Gerraren ondoren, Milana itzuli zen, irakasle gisa lan egitera, eta bigarren poesia-bilduma argitaratu zuen, ''Diario d´Algeria ''(1947, ''Aljeriako egunkaria''). ''Il Male d´Africa'' (1958) lanean, «harresietako eritasuna» definitzen du, preso egotearen urruntasuna. Urruntasun horren gogoetak eragin handia izan zuen Sereniren lan guztian. 1952an Pirelli argitaletxeko publizista bihurtu zen, eta 1958an Mondadori argitaletxeko argitalpen-arduraduna. ''Diario d´Algeria'' laneko poesiak komentatu zituen ''Gli immediati dintorni'' (1962) lanean. 1964an, berriz, ''L´Opzione e allegati'' argitaratu zuen, poetaren bakardadea deskribatuz. 1965ean ''Gli strumenti umani'' bilduma argitaratu zuen, gerra ondorengo bizitzarekin zuen borroka azaltzen duena. ''Appuntamento a ora insolita'' (1964) eta ''Una visita in fabbrica'' (1958) lanetako pasarteetan, gizakien arteko harreman soilen poza ospatzen du poetak, eta zehaztasunez deskribatzen ditu eguneroko bizitzako ekintza txikiak. Ondorengo urteetan argitaratu zituen ''Lavori in corso'' (1965), ''Addio Lugano Bella'' (1971) eta ''Un posto di vacanza'' (1974), 1979an ''Stella variabile'' lanean bildu zirenak. Lan horretan, poetari munduko irudiak bortizkeriaz beteta etortzen zaizkio gogora. 1986an, poeta bera hil ondoren, ''Tutte le poesie'' (1986) lanean bildu zen Sereniren lan guztia. Sereni, bestalde, itzultzailea izan zen, Julien Green, Valéry, Mallarmé, Ronsard, Char eta Poundena, besteak beste. Testu kritikoak ere idatzi zituen, ''Letture preliminari'' (1973) lanean bildu zituenak. Wikipediatik informazioa lortu