Bilaketaren emaitzak - Le Corbusier 1887-1965
Le Corbusier
Le Corbusier, berezko izenez Charles Edouard Jeanneret (La Chaux-de-Fonds, 1887ko urriaren 6a – Roquebrune-Cap-Martin, 1965eko abuztuaren 27a), suitzar-frantziar arkitekto, hirigile, arkitektura-teoriko eta margolaria izan zen. Ezaguna egin zen Nazioarteko Estiloa edo Mugimendu Modernoaren sortzaileetako bat izan zelako, Ludwig Mies van der Rohe, Walter Gropius eta Theo van Doesburg arkitektoekin batera. Askoren ustez, XX. mendeko arkitektorik garrantzitsuena izan zen.Nazioarteko Arkitektura Eskola delakoaren partaide izan zen. ''L´Espirit Nouveau'' aldizkaria argitaratu zuen Amédée Ozenfantekin batera, eta bertan adierazi zuen berrikuntzetarako bere gogoa. Bere lanetan, funtzionalismo modernoa eta espresionismoa bateratu zituen. Eraikuntza geometrikoak egin zituen, eta, oinezkoentzat, toki bereziak gorde zituen berak urbanizatutako hirietan, landareei eta espazio irekiei nagusitasuna emanez beti. Arkitektura modernoa eraberritu duten arkitekto nagusienetakoa izan da.
Suitzan jaio zen guraso suitzar frantsesdunengandik, eta 1930eko irailaren 19an lortu zuen frantziar nazionalitatea naturalizatuz. Bere ibilbidea bost hamarkadakoa izan zen, eta, horietan, Europan, Japonian, Indian eta Ipar eta Hego Amerikan eraikinak diseinatu zituen. «Arkitektura modernoaren sustraiak Viollet-le-Duc-en aurkitzen direla» pentsatzen zuen.
Le Corbusierrek hiri-plangintzan eragin handia izan zuen jendez gainezka dauden hirietako biztanleen bizi-baldintzak hobetzera zuzenduta, eta Nazioarteko Arkitektura Modernoaren Kongresuko (CIAM) kide sortzaile izan zen. Le Corbusierrek Indiako Chandigarh hirirako plan nagusia egin zuen, eta hainbat eraikinetarako diseinu zehatzak egin zituen, batez ere gobernuarenak.
2016ko uztailaren 17an, zazpi herrialdetan Le Corbusierrek egindako hamazazpi proiektu Unescoren Gizateriaren Ondareen zerrendan sartu ziren: Le Corbusierren Lan Arkitektonikoa, mugimendu modernoari ekarpen aipagarria.
Le Corbusier figura polemikoa izaten jarraitzen du. Bere hirigintza-ideia batzuk kritikatu izan dira aldez aurretik zeuden kultur guneekiko, gizarte-adierazpenekiko eta berdintasunarekiko axolagabekeriagatik, eta faxismoarekin, antisemitismoarekin, eugenesiarekin, eta Benito Mussolini diktadorearekin izandako ustezko loturak etengabeko eztabaidak eragin dituzte.
Le Corbusierrek altzari ezagunak ere diseinatu zituen, hala nola LC4 Chaise Lounge aulkia eta LC1 aulkia, biak larruz eginak, metalezko egiturarekin. Wikipediatik informazioa lortu