Bilaketaren emaitzak - Kubrick, Stanley, 1928-1999.
Stanley Kubrick
Stanley Kubrick (Bronx, 1928ko uztailaren 26a - Childwickbury etxea, 1999ko martxoaren 7a) estatubatuar zinema zuzendari, ekoizle eta gidoilari ospetsu eta sarritan polemiko bat izan zen. Oscar sari bat eta hamalau izendapen jaso zituen bere berrogeita lau urteko ibilbide zinematografikoan.XX. mendeko zuzendari eraginkorrenetakoa da, zinema erabat berritzailea egin baitzuen. Haren film gehienak literaturako lanetan oinarriturik daude eta istorio laburra badute ere, oso argiak eta zorrotzak dira. Teknikoki biziki landuak, pop zein musika klasikoa nahasten dira.
Zinema eta argazkilaritzaz gain, xakea, musika, jazza batez ere (Taft Swing Band izeneko taldean bateria jo zuen) gustuko zituen. Zaletasun horiek guztiek haren bizitzan eta lanetan eragin nabaria izan zuten.
Kubrick bere ibilbidearen gailurrera iritsi zen ''2001: A Space Odyssey'' (1968) eta beste lanekin. Urte pare bat geroago, ''A Clockwork Orange'' (1971) egin zuen zen, sektore kontserbadoreenen kritikak jaso zituena, Britainiar Uharteetan zinemetatik atera zuten arte; kultuko filmtzat hartzen da. Napoleonen bizitza egokitzeko egindako proiektuak porrot egin zuelarik, izaera historikoko film bat egin zuen Kubrickek, ''Barry Lyndon'' (1975). Zuzendariak estilo ariketa bat egin zuen film hartan, edertasun bisual handikoa, eleberri historiko bat egokituz. Ez kritikak ez ikusleek, ordea, ez zuten ontzat hartu.
1980ko hamarkadaren hastapenetan, eleberri baten moldaketari ekin zion Kubrickek: Stephen Kingen eleberrian oinarritutako ''The Shining'' (1980). Beldurrezko filma, une gogoangarriz betea, konposizioarekiko eta kolorearen erabilera psikologikoarekiko gustu onekoa eta Jack Nicholsonen interpretazio gogoangarri batekin, erabateko arrakasta izan zuen. Zazpi urte igaro ziren hurrengo filma aurkeztu zuten arte, bere ibilbideko azken aurrekoa, ''Full Metal Jacket'' (1987). Lan hartan, Kubrickek gerra zinemara jo zuen bere antibelizismoa nabarmentzeko, estatubatuarrek Vietnamgo gerran izandako esperientziatik abiatuta. Garai hartan bilakatu zen, gainera, Kubrick kultuko pertsonaia bat, mito bizidun bat. Haren obraren lehen azterketa lanak agertzen hasi ziren, hedabideek etxean giltzapetuta bizi zen jeinu paranoiko gisa aurkezten zuten bitartean.
Hil baino lehentxeago, 1999an, azken lana estreinatu zen, ''Eyes Wide Shut'', non Tom Cruise eta Nicole Kidman protagonista ziren erotismoz eta probokazioz beteriko kontakizun batean, New Yorkeko goi mailako bikote baten hipokrisian islatutako egungo gizartearen parodia batean. Filma estreinatu orduko hil zen zuzendaria, eta orrek gehiago elikatu zuen, oraindik, AEBetako zinema zuzendari garrantzitsuenetako baten mitoa.
Haren zinemaren ezaugarri nagusiak dira perfekzio teknikoa eta sinbolismo intelektual sakona. Oso zehatza izan zen bere filmetan, zertzeladarik txikiena ere kontrolatzen zuen, eta mugaraino eraman zituen eskura zituen baliabide zinematografikoak. Wikipediatik informazioa lortu