Bilaketaren emaitzak - Collaer, Paul
Paul Collaer
Paul Collaer (Boom, 1891ko ekainaren 8a - Brusela, 1989ko abenduaren 10a) belgikar musikagilea, piano-jotzailea eta orkestra-zuzendaria izan zen.Bruselako Unibertsitatean egin zituen ikasketak (1909-1914), eta gerra ondoren zientzietako doktoregoa lortu zuen (1919). Aldi berean, pianoa ikasi zuen Mechelengo Kontserbatorioan. 1911n eman zuen lehenengo kontzertua. Bruselan ''Concerts Pro Arte'' kontzertuak sortu zituen (1919-1935). Kontzertu horien bidez ezagutarazi zituen Collaerrek gaur egungo musikako joera berriak (Satie, les Six, Roussel, Sauguet, Stravinsky, Berg, Hindemith...). Bestalde, ''Kontzertu zaharrak eta modernoak'' sortu zituen (1933), eta horietan aitzindari-lana egin zuen antzinako musika gogoratuz (Purcell, Monteverdi, Cavalieri...). 1937tik 1953ra bitartean musika-emanaldien zuzendari izan zen Belgikako Irrati Institutuan. Han ere garai hartako musikaren alde egin zuen. Elisabet erreginaren musika-kaperan musikaren historiako irakasle izan zen, eta Musika Konparatuaren Nazioarteko Institutuko batzorde zientifikoko lehendakari. Bestalde, hainbat liburu idatzi zuen bere garaiko musikari buruz: ''Igor Strawinsky ''(1930); ''Signification de la musique'' (1944, ''Musikaren esanahia''); ''Darius Milhaud'' (1947); ''La Musique moderne, 1905-1955'' (1955, ''Musika modernoa, 1905-1955''); ''La Musique populaire traditionnelle en Belgique'' (1974, ''Herri-musika tradizionala Belgikan''); ''Musica siciliana'' (1981, ''Musika siziliarra''). Wikipediatik informazioa lortu